Ibaiak eta arroilak, basoa eta estepa, hezeguneak eta mendiak. Gure natura altxorrik preziatuenak. Bertan bizi diren animaliak, landareak eta pertsonak, denak espaciosnaturales.navarra.es webgunean, Nafarroako ondare naturalaren berri ematen duen web orrialde berrian.
“Nafarroako Naturgune Babestuak” izeneko webgunearen aurkezpena pasa den ekainaren 22an egin zuen Isabel Elizalde, Landa Garapen, Tokiko Administrazio eta Ingurumen kontseilariak.
“Gune babestuak ezagutzera emanez, jendartean bioaniztasuna baloratu eta zaintzeko sentsibilizazioa piztuko dugu”, azaldu zuen Elizaldek.” Horrela, aurrekoek utzitako natura aberastasuna ondorengoentzat gorde, babestu eta sustatzearen beharraz jabetuko gara”.
Atari digital berria zatika osatzen joanen da, eta lehenengo fasean -jadanik ikusgai dagoena- Nafarroako Natura 2000 sarean bilduta dauden 43 babesgune erakusten dira: Pirinioetako mendialdea, mendi mediterraneoa, mendi eta ibar atlantikoak, ibaiak eta hezeguneak zein estepak. Babesgune horiek adierazten dute Nafarroako ekosistemaren aniztasuna eta Europaren babesa dute.
Natur eremu horiez gain, gune horiekin harreman zuzena duten pertsonak ere ezagutzera ematen dira: nekazariak, artisauak, turismo eta argazkigintza alorreko profesionalak, basozainak, biologoak, boluntarioak, bizilagunak, ikerlariak eta bisitariak, besteak beste.
Bigarren fasean Nafarroako Ingurune Natural Babestuen Sarea (NINB) osatzen duten erreserba integralak (3), natura-erreserbak (38), natura guneak (28) eta natura parkeak (3) gehituko dira. Horiekin batera, legeriak babestutako monumentu naturalak eta paisaia bereziak (31). Abelbideak ere ezagutzera emanen dira. Hirugarren fasean, azkenik, Nafarroako flora eta fauna esanguratsuenaren berri emanen da.
Webgunea euskaraz eta gaztelaniaz ikus daiteke, eta naturgune bakoitzean arakatzen hasteko kokapen mapa badu. Naturguneen oinarrizko datuez gain (43 fitxetan bilduta), argazkiak eta bideoak daude ikusgai eta irizpide ezberdinen araberako bilatzailea (eremu biogeografikoa, herria, ingurune mota -hezegunea, ibai gunea, mendiak, estepak…).
Irudietan, Larra-Aztaparreta, Pirinio aldeko naturgunea.
Bruselak Nekazaritza Politika Bateratuaren aurrekontua %5 murriztea proposatu du. Nafarroako Gobernuak eta UAGN, EHNE eta UCAN nekazaritza-erakundeek, denek elkarrekin, ados ez daudela adierazi dute. Europatik markatutako xede, konpromiso eta erronkei aurre egiteko aurrekontu sendoa behar dela erran dute.
Gobernuak eta sindikatuek salatu duten nekazaritza politikaren aurrekontua %5 murrizteak honako ondorioak ekarriko lituzke:
Isabel Elizalde kontseilaria, Nekazaritza erakundeekin bildu ondoren, Nekazaritza Politika Bateratuaren Batzorde Aholku-Emailean (Madril, ekainaren 14ean) izan zen. Bertan adierazi zuen ezinegona eta Nekazaritza Politika Bateratuaren benetako erreformaren beharra:
“Horregatik aurrekontuetan eginiko murrizketa errefusatzen dugu eta aurrekontu sendoa izanen duen politika bateratua eskatzen dugu”.
Nafarroak lurralde oreka bilatuko duen nekazaritza sozial eta jasangarria bultzatu nahi du eta, horrekin batera, Nafarroan diren produkzio eta eredu aniztasunari erantzuna emanen dion Nekazaritza Politika Bateratu indartsua. Horixe azpimarratu zuen Elizalde Kontseilariak. Nafar exekutiboa nekazaritza erakundeekin harremanetan dago Foru lurraldeko sektorearen aldeko jarrera komuna lortzeko; izan ere, Elizaldek erran bezala, “nekazaririk gabe ez da posible landa garapena”.
Europako Batzordeak pasa den azaroan aurkeztu zuen Europako Airearen Kalitatearen Indizea. Horren arabera, 2017. urtean Nafarroako airearen kalitatea “ona” edo “oso ona” izan zen. Foru Komunitateko kontrol estazioetan ez ziren gainditu giza-osasunari eragiteko mugak.
Hortaz, 2017an lehenengo aldiz, Nafarroako estazio guztietan giza-osasunaren babesari dagokion ozonoaren helburua bete zen (25 gainditze-kopurutik behera -legeriak agindutako balore objektiboa-). Hiru urteko bataz-bertzeko baliorik altuenak Tuteran eta Funesen eman ziren eta baxuenak, berriz, Iruñean kokatutako estazioetan (Iturraman, Gurutze Plazan eta Arrotxapean). Bai ordea, aipatzekoa da ere ozonoari buruzko informazio eta alerta mailak ez direla gainditu.
Nafarroako Gobernuak 2.875.000 euro bideratuko ditu joan den apirilean euriteek eta ezohiko uholdeek eragindako kalte eta galerei aurre egiteko. Hainbat urterako planari ekin dio Gobernuak aipatu aurrekontuari esker.
Apirilaren 6tik 13ra bitarte izandako euriteek eta horiek eragindako ezohiko uholdeek kalte eta galera handiak sortu dituzte ibaiaren hedatze eremu naturalean diren azpiegitura publiko zein pribatuetan, nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenetan eta bertze hainbat ondasun publiko zein pribatuetan.
2,8 milioi euro horiekin konponduko dira nekazaritza azpiegiturak, eusteko dikeak zein nekazaritza eta abeltzaintza ustiapenak. Ekoizpen galerak murriztera ere bideratuko da dirua. Neurri fiskalak ere hartuko dira kaltetuei laguntzeko.
Planak, azken finean, kaltetuen aldeko Nafarroako Gobernuaren konpromiso irmoaren adierazpen zehatza izan nahi du.
Ezin ahaztu dugu, gainera, Plan honen neurriak Estatuko Administrazio Orokorrak eman ditzakeen laguntzen osagarri eta subsidiario direla.
Kalteei aitzin egiteko diru-laguntzak jasotzeko tramiteetan, tarteka, irizpide desberdintasunak egoten direnez, Nafarroako Gobernuak zuzenean koordinatuko ditu diru-laguntza eskariak Estatuarekin.
Onartu berria den Hondakinen Foru Legearen aurkezpen ekitaldi ofiziala ekainaren 25ean egin zen Nafarroako Parlamentuan. Bertan Extremadurako, Balear Uharteetako, Valentziako eta Kataluniako Generalitateko ordezkariek hartu zuten parte, baita Bartzelonan Europako Batzordeko ordezkaria den Ferrán Tarradellasek ere.
Lege berria ekainaren zazpian onartu zuen Parlamentuak, urtebeteko prozesu parte hartzailearen ondoren. Guztira 76 erakundek eta partikularrek eginiko 390 ekarpen bildu dituen testuak aurrerapen handia ekarriko dio mota guztietako hondakinen prebentzioari eta murrizketari.
Izan ere, Nafarroako 2017-2027 Hondakinen Planak zehazten duen moduan, lege honek neurriak ezartzen baititu, bai zergei dagokionez nola hondakinen bideratzearen eta tratamenduaren arautzean, eta kudeaketa politika zehazten du.
Isabel Elizalde Kontseilariak aurkezpenean esan bezala, “Nafarroa aitzindaria izan da hondakinen gaian, eta ezinbestekoa da denon arteko esfortzua gai honi behar bezala ekin eta hondakinak errekurtso bilakatu ahal izateko”.
Tarradellasen esanetan “Europaren hazkunde ekonomikoa hondakinen kontsumotik bereizi behar dugu. Modu horretan Europak bere lehiakortasuna bultzatu eta nazioarteko konpromisoak babestuko ditu”.
Aurkezpenean birziklatutako objektuekin (botilak, bidoiak, tutuak, hagunak…) egindako musika tresnak erabiltzen dituen Toom pak taldeak parte hartu zuen.