Buletina, 12. alea, 2019ko maiatza
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa

Azkoien eta Funes arteko loturak Nafarroako Ubidearen Argako adarra osatuko du

Aurreikusitako epeen barruan, Nafarroako Gobernuak Arga 4 proiektua administratiboki onartu egin zuen, Nafarroako Kanalaren Lehen Fasea Zabaltzeko. Eta aurrera pausu horrek, Azkoiengo Argako Adarra eta Funeseko Arga 5aren eta 6aren arteko lotura amaitzea ahalbidetuko du.

Beraz, Gobernuak epeen barruan burutu du prozesua; Azkoien eta Funes lotuko dituen zatia eraikitzeko proiektua gauzatu eta, era honetara, Argako adarra ere amaitzeko. Aguas de Navarra enpresa kontzesiodunak, berriz, joan den apirilaren 3rako ezarria zegoen epea gainditu du, eta lotura hori burutzeko beharrezkoa zen hoditeria eraikitzeko lanak epez kanpo daude. Lan horiek aurki amaitu beharko ditu, nekazariek aurtengo kanpainarekin aurrera egin ahal izan dezaten.

Atal honen eraikuntzarako eta ustiapenerako kontratua egokitu da, Ignacio Gil Zuzendari Nagusiak joan den apirilaren 26an onartutako ebazpenaren bidez. Horrela, Azkoiengo ureztatzaileek eskatzen duten grabitate bidezko ureztatze sistemarako ubide sarea kontratuan barneratu da, baita adar horren berehalako eraikitze plana ere. 14,5 milioi euroko aurrekontua dakar inbertsio honek. Gogoan izanen duzuen moduan, Gobernuak zati honetako lanak urgentziaz azkartu zituen. Joan den urriaren 2an martxan jarri ziren berriz eta, INTIAren bitartez, 2018ko ureztatze kanpaina bermatzeko behin-behineko ponpaketa sistema alternatiboaren instalazioa kudeatu zen.

Informazio gehiago


Ilundaingo Basa-fauna Sendatzeko Zentroak 30 urte bete ditu

1989an ekin zion Nafarroako Gobernuak Ilundainen duen Basa-fauna Sendatzeko Zentroak bere ibilbideari. Urte hauetan guztietan, zauri edo lesioren bat zuen mota guztietako fauna izan dute bertan. Ingurune natural batean dago, Iruñerriaren bihotzean, eta zentroan sendatu dira ugaztunak, narrastiak eta fauna exotikoa, baina, batez ere, hegazti harrapariak.

Udaberri honetan Ilundainek hogeita hamar urte bete ditu, eta urte hauetan euren eguneroko lana erraztu duten tresneria eta azpiegitura berritzaileagoak eskuratzen joan dira; horri esker, gaur egun basa-fauna sendatzeko erreferentziazko zentro bilakatu da. Europar Batasunak finantzatutako bi Zentroari esker, eta, batez ere, teknikarien ardurari eta profesionaltasunari esker, animalia basatien osasunari dagokion edozein arazo tratatzen ahal du zentroak.

Uda iristearekin batera, lanak ere gora egiten du bertan lan egiten duten albaitari eta teknikarientzat. Urteurreneko bideo honen bitartez, Idoia Saiz teknikariak eta Diego Villanua doktorea albaitariak zentroa barrutik ezagutzeko aukera ematen digute, eta zentrora txita zela iritsitako hontz handi baten lehen hegaldia ere ikus dezakegu.


13.000 nekazarik eskatu dituzte NPB laguntzak 2019an

12.878 nekazari izan dira Nafarroan 2019ko kanpainan NPB laguntzen (Nekazaritza Politika Bateratuaren Europako Laguntzen, PAC delakoa) eskaera bakarra egin dutenak. Joan den apirilaren 30ean amaitu zen eskariak egiteko epea eta gainerako autonomia-erkidego gehienetan ez bezala (Kantabrian eta Euskal Autonomia Erkidegoan salbu) Nafarroan ez da beharrezkoa izan epe hori luzatzea. Horri esker, dagoeneko jasotako eskarien kontrol prozesua hasi da Nafarroan, eta ordainketa prozesua ere azkartzea erraztuko du.

Eskaera bakarrean eskaintzen den NPB laguntza, nekazaritza ustiategien errentagarritasunerako oinarrizko diru-sarreretako bat da. Deialdi honetan, 100 milioi euro inguru bideratzea aurreikusi da diru-laguntza zuzenen bitartez. Horietatik ia %60 oinarrizko ordainketa erregimenera zuzenduko dira, %30 ordainketa berdera eta gainerakoa gazteentzako ordainketa osagarri gisa edota nekazaritza eta abeltzaintzako sektoreari lotutako diru-laguntza gisa.

Horrez gain, beste 10 milioi euro ere bideratuko dira Nafarroako Landa Garapeneko Programaren diru-laguntzen bitartez, nekazaritza ekologikorako, ingurumen eta nekazaritza neurrientzako, eta muga naturalak dituzten inguruetan kokatutako ustiategiak konpentsatzeko.

2015ean Oinarrizko Ordainketa Erregimena ezarri zenetik, eskaera kopurua urtez urte murrizten joan da. 2015ean 15.528 izan ziren eta 2019an ez dira 13.000ra ere iritsi. Murrizketa horren zergatiak batez ere bi dira: titularrak erretiroa hartu eta bere jarduna eten duelako edota jaso beharreko zenbatekoak exijitzen den gutxienekoaren azpitik gelditzen direlako (gutxienekoa 300 eurotan egonik ezarria).

Informazio gehiago


Onetsi da Uraren Ziklo Osoaren 2019-2030 Plan Zuzentzailea

Nafarroak 2019-2030 ekitaldirako Hiri Erabilerako Uraren Ziklo Integralaren Plan Zuzentzailea izanen du, ur hornikuntza eta saneamendu integrala erregulatu eta ziurtatzen duena. Tresna hau ezin lagungarriago izanen da klima-aldaketaren aurka eta ekonomia zirkularraren alde egiteko.

Joan den maiatzaren 8an Foru Gobernuak onetsitako Plana Ingurumen Departamentuak sustatutako egitasmoa da, 2030erako Nafarroako Uraren Esparru Estrategia berriaren baitan sortutakoa.

Ia hiru urteko lanaren ondotik, hasierako diagnostikoren eta plangintzaren dokumentua hobetu eta adostu da parte-hartze prozesu baten bitartez, tokiko entitate, erakunde eta partikularrek egindako 700 ekarpen baino gehiagorekin eta aurkeztutako 150 helegiteei esker.

Zerbitzu bakarraren baitan antolatuko da ur hornikuntza, saneamendua eta arazketa, eta aurreikuspenak gaurkotu egin dira Europar Batasunaren eta Nazio Batuen irizpideekin bat eginez. Betiere, kontsumoaren molde egokiaren alde eginez: neurrian neurrikoa eta jasangarria.

Kalitate altuko ur hornikuntza ziurtatzeaz gainera, egin beharreko lanak ere zehazten ditu, besteak beste tarifak eta gobernantzari buruzko proposamenak.

Informazio gehiago


Garesen dagoen Izarbeibarko Mankomunitateko Garbigunea, 2018ko urtarrilan aurkeztu zen.

Nafarroan hondakinen kudeaketa hobera doa, baina gehiago sortzen jarraitzen dugu

Nafarroako Hondakinen Planaren lehen aplikazio-urtean, hondakinen kudeaketa eta kontrola hobetu egin da Foru Komunitatean, baina gehiago sortzen jarraitzen dugu. Horrela ageri da Hondakinen 2017-2027 Planaren Segimendu Txostenean. Bertan jasotzen dira gai honen gaineko Nafarroako 2017ko datuak eta 2018ko aurrerapenak.

Laburbilduz, eta Planean ezarritako helburuei dagokienez, hauek dira txostenaren ondorioak: egoera egokia da ontzietan, TEEHetan (tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan), pneumatikoetan, pila elektrikoetan, olio erabilian, araztegietako lohietan eta hondakin fitosanitarioetan; aurreratzen ari da erabilerarik gabeko ibilgailuetan, hondakin sanitarioetan eta hondakin industrialetan; eta lehentasunezko arreta behar da eraikuntzako hondakinetan, materia organikoan, errefusan era nekazaritza eta abeltzaintzako plastikoetan.

Hondakinen sorkuntza %2 igo da; Nafarroan 432 kilo sortzen ditugu biztanle eta urteko. Goranzko joera hori bere horretan mantendu da 2014az geroztik, ekonomia suspertzen ari den seinale eta, ondorioz, teknikariek nabarmendu zuten Nafarroak ahalegin berezia egiteko beharra duela Planean ezarritako murrizketa eta birziklapen helburuak betetzeko eta hazkunde ekonomikoa hondakinen sorkuntzatik bereizteko.

Lehen urte honen balorazioari dagokionez, txostenak azpimarratu ditu Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren sorrera eta horrek egindako lana; Nafarroa osoan 13 garbigune berri eta 19 garbigune txiki abiarazi direla; Emausko Trapuketariek Berriozarren irekitako berrerabilpenerako prestaketa zentroa; hiru konpostatze-gune berritarako proiektuak eta dauden ontzi-lantegien hobekuntza.

Informazio gehiago


^