Abeltzaintza ustiategien tamaina eta bete behar dituzten baldintzak, ustiategien artean mantendu beharreko distantzia edota titular izateko betekizunak. Horiek dira, besteak beste, Nafarroako Gobernuak berriki onartutako Foru Dekretu baten bitartez ezarritako abeltzaintza ustiategientzako baldintzak. Abeltzaintza jasangarriaren aldeko eredua jarraituz, animalien higienea, osasuna eta ongizatea bermatu nahi du dekretuak eta seguruak diren elikagaiak ekoizten direla ziurtatu.
Estatuan, abere mota guztien tamaina mugatzen duen lehenengo komunitatea da Nafarroa. Gaur arte, estatuko txerri-arautegiak soilik ezartzen ditu gehiengo tamainaren mugak. Dekretu berriak Nafarroan haragi eta esne behiei, hegaztiei, untxiei, ardiei, erlauntzei etab. eragingo die. Behin indarrean sartzen denean, instalazio berriei aplikatuko zaie, ez du atzeraeraginez eragingo gaur egun jardunean dabiltzan ustiategietan. Arauak ustiategien bideragarritasuna hobetzen du eta administrazio izapideak sinplifikatzen ditu, batez ere txikienak.
Bi urteko parte-hartze prozesua egin da abeltzain sektoreko eragile eta ordezkariekin dekretuaren edukinak zehazteko. Herritarren proposamenak ere bildu dituzte dekretua onartu baino lehen. Arau berriak abeltzainek hemendik aurrera bete beharko dituzten administrazio tramiteak finkatzen ditu baita eginen diren ikuskapenak eta arau-urratzeak ere.
Izan ere, azken urte hauetan, hainbat arau kaleratu dira estatuan eta beharrezkoa zen Foru Komunitateko abeltzaintzak dituen baldintza berezitasunak kontuan hartuta, egokitzea eta estatuko arautegian barnebildu ez diren zenbait zehaztapen barneratzea.
Dagoeneko Nafarroa osoko 62 udal sartu dira Klimaren eta Energiaren aldeko Nafarroako Alkateen Itunean. Europako egitasmo bat da; horren bidez, toki entitateek erantzukizuna hartzen dute berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioa murrizteko, eta ikuspuntu komun bat adosten dute klima-aldaketa arintzeko eta egokitzeko, bai eta pobrezia energetikoarekiko ere.
Nafarroako Gobernuak bultzatutako egitasmoa da, eta Isabel Elizalde Kontseilariak berak egin zien alkate guztiei konpromiso honekin bat egiteko gonbita. Helburua da toki entitateek klimarekiko eta energiarekiko ardura har dezaten euren planifikazioaren bitartez, eta “Covenant of Mayors for Climate & Energy” edo “Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Ituna” izeneko Europako egitasmoaren metodologia jarraituz.
Nafarroako itunaren lehen pausoak eman ziren Iruñeko Kondestablearen Jauregian egindako jardunaldi informatibo batean. Bertan, elkartu ziren Nafarroako toki entitateetako ehun ordezkari inguru, sektoreko enpresa eta energian eta klima-aldaketaren zenbait aditurekin batera.
Orain arte, Ituna 62 udalek sinatu dute; tartean daude Iruña, Lizarra eta Tutera, eta jada Nafarroako biztanleriaren gehiengoa ordezkatzen dute, hots, % 62. Apirilean, beste hauek gehitu dira: Abartzuza, Andosilla, Artazu, Biurrun, Leotz, Ledea, Lodosa, Irunberri, Pitillas, Santakara, Tulebras eta Alesbes.
Nafarroako Gobernuak berriki sortutako Basozainak Zerbitzuak ekoiztu du bideo sorta berezi bat, 11 kapituluz osatua, herritarrengana hurbiltzeko basozainen lana eta sendotzeko ingurumen hezkuntzan egiten ari diren programazioa. Bideoek erakusten dute Naturaren eta bioaniztasunaren babesa eta kudeaketa bermatzeko egiten duten hainbat lan; demarkazio guztietan daude grabatuak eta protagonistak basozainak dira. Kapitulu bakoitzaren iraupena 2 minutu ingurukoa da, eta izenburuak honako hauek dira:
Hona hemen 7. Kapitulua, “SUTEA. CUANDO EL FUEGO LLEGA” izenburua duena eta TAFALLA-ZANGOZAn egina.
Foru Gobernuak Nafarroan Ekonomia Zirkularraren garapenerako Agenda 2030 horizontearekin (ECNA 2030) onartu du. Dokumentu honek zehazten ditu Foru Komunitateko jasangarritasunaren, klima-aldaketaren kontrako borrokaren eta ekonomia zirkularrerako trantsizioaren aldeko helburuak eta lan-ildoak, abiapuntu hartuta Administrazio Publiko guztietarako zeharkakoa eta koherentea den ikuspegia.
Gobernuko departamentu ezberdinek landu eta sustatu dute dokumentua eta hainbat gizarte eragilek parte hartu dute edukiak lantzeko prozesuan. Agenda berriak gobernuaren politika publikoak konprometitzen ditu, eta horretarako ezartzen du Nafarroan ekonomia zirkular baten aldeko trantsizioa bermatuko duten ekintza eta neurrien programa bat, betiere, Europako eta Estatuko politika berriekin lerrokatuta.
Elizalde Kontseilariak azaldu zuen bezala, Ekonomia Zirkularrak proposatzen duen eredu berriak naturan oinarritzen da; bertan, prozesu zikliko batean, guztia aprobetxatzen da. Bide bakarra da modu arduratsuan ekoiztea eta kontsumitzea, hondakin gutxiago sortzea eta guztia berriz aprobetxatzea.
Une honetan, oinarrizko tresnen artean hauexek ditu Agendak Nafarroan: Klina, Klima-Aldaketarako Ibilbide-Orria, Nafarroako Zentzuzko Espezializazioko Estrategia S3, 2017-2027 Hondakinen Plana eta Kondakinen Foru Legea.
Nafarroako Gobernuak ia 1,3 milioi inbertituko ditu Urbasa-Andia eta Bertizko Natur Parkeetan, erabilera publikoaren eta natura balioen babesaren arteko oreka helburu. Azkeneko bost urteotan %85 handitu da aurrekontua. Guztira 617.000 euro bideratuko dira Urbasa-Andiara eta beste 670.000 euro Bertizera. Ingurumen hezkuntza, turismoa, artzaintza eta basogintza uztartu nahi dira, parkeen kontserbazio helburuak betetzen diren bitartean.
Besteak beste, aurten eginen da Bertizko Aizkolegiko Jauregia eraberritzeko proiektuaren erredakzioa eta urte amaierarako prest izanen dute Urbasako Erabilera eta Kudeaketa Plana. Urbasa-Andia eta Bertizko Patronatuek martxoan egindako bileretan eman ziren ezagutzera asmo hauek.
Aizkolegi da Bertizeko puntu altuenean dagoen XX. mende hasierako eraikin modernista bat. Aspaldian itxita dago, oso egoera kaskarrean dagoelako. Proiektuaren erredakzioaz gain, aurten, iaz hasitako lanekin jarraituko dute eraikina gehiago ez hondatzeko. Bisitarien kopuruari dagokionez, iaz bi parkeetan guztira 230.000 bisitari goiti izan ziren, 84.071 Bertizen eta Urbasan 145.000 baino gehiago. Urederra iturburua da Nafarroako Natur eremurik bisitatuena. Erreserba natural honen balio ekologiko handiak babesteko zenbait neurri onartu dituzte bertako eragileekin batera. Egunean 500 bisitarira mugatuko da sarbidea eta ibilbidearen azken zatian sartzea debekatu eginen da; neurriok Aste Santuan jarriko dira abian. Gainera, Urbasa-Andiako Kudeaketa eta Erabilera Plana eginen da urte amaierarako.
Bestalde, azienda kopurua ere gora egiten ari da nabarmen azken urteotan Urbasa-Andiako larreetan, 345 ustiategitako 40.000 abelburu inguru daude. Horietarik 31.000 ardiak dira, 3.500 zaldiak, 4.700 behiak eta 400 ahuntzak.