Naturaren eta bioaniztasunaren babesa eta kudeaketa bermatzeko bidean Departamentuak zerbitzuaren baliabideak handitu egin ditu, lantaldea sendotuz eta basozainei ardura eta dedikazio gehiago emanez. Lehen pausua taldearen izendapen berria izan da; lehen Basozainen atala zena Ingurumen Kudeaketako Basozaintza eta Kalitate Zerbitzua bihurtuz.
Azkeneko hilabetetan lantzen ari den 2019-2022 urtetarako Basozaintza Plan Zuzentzailearen barne dago zerbitzu berriaren sorrera. Planak honako neurriak biltzen ditu, besteak beste, antolakuntza eta funtzioak arautzen dituen aurki onartuko den Foru Dekretua; Lurralde Bulegoen eta ibilgailuen berritzea; kudeaketa parte hartzailea bultzatzeko Koordinazio Unitate berriak sortzea; oposaketa deialdiak eta, berriki onartu den mapari esker lurraldea 11 demarkaziotan banatu egin da.
Basozaintza zerbitzua Ingurumeneko eta Lurraldearen Antolamenduko Departamentuan kokatzen da eta gaur egun 119 pertsonek osatzen dute. Naturaren kontserbazioa da haien eginkizun nagusia, zaintza eta jarraipenaren bidez, baliabide naturalen ustiapen jasangarria bermatzen baitute. Beren lan nagusien artean, suteen prebentzioa, ingurumen larrialdien kudeaketa, ehizaren eta arrantzaren kontrola, eta espezie eta gune babestuak zaintzea daude.
Nabarmentzekoa da ere ikastetxeetan eta beste hainbat taldekin egiten duten ingurumen hezkuntza lana, baita gizartean garatzen duten aholkularitza iraunkorra ere. Horiek bultzatzeko eta gizarteratzeko bidean, bideo sorta bat egiten ari dira.
Hemen aurrerapen bat, Abeltzainekin.
Gau-saguzar ertaina (Nyctalus noctula). Argazkilaria: Juan Tomás Alcalde.
Babes berezia behar duten Nafarroako animalia eta landare espezieak biltzen dituen katalogoa berritzen ari da Ingurumen eta Lurralde Antolaketaren Zuzendaritza Nagusiak. Orain herritarrek bere ekarpenak egin ditzakete. Katalogoa proiektua publikoki kontsultatu daiteke otsailaren 1a arte. Ekarpenak jaso eta gero katalogoa bera Foru Dekretuan arautua izanen da.
Zerrenda zabala da. 185 landare eta 39 animalia espezie agertzen dira, beren garrantzi zientifikoa, ekologikoa edo kulturalarengatik; baita bereizgarritasunen bat dutelako edo arriskuan daudelako. Espezie hauek ez daude Espainiako Katalogoan, edo beste estatus batekin agertzen dira bertan, eta orain ‘kalteberatik’ ‘desagertzeko zorian’ izendapenera pasa direlako.
Hainbat intsektu, koleoptero, saguzar eta hegazti daude; tartean, zuhaitz zaharren egurretan bizi direnak edo haiekin nolabaiteko harremana dutenak. Espezieon babesak balio berezia du, izan ere, Nafarroan baso zaharren garrantziaz jabetzen ari gara emeki-emeki.
Desagertzeko zorian izendapena jaso duten zenbait espezie ere badira: estepako hainbat hegazti, adibidez, basoiloa eta basoilo txikia; baita bestelako asko ere: eper grisa, eper zuria, bonelli arranoa, amiltxoria, hegoaldeko apo pintatua, bagrea, mazkar arantzaduna, bertako karramarroa, Gomphus Graslini burruntzia, eta errekako muskuilua.
Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Plana 2018-2020 osatu dute eragileek eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean. Nekazaritza jasangarria bultzatzeko eta arautzeko sortu da plana. Bere helburu nagusienetako bat 2020rako Nafarroako produkzio azaleraren %15 ekologikoa izatea da. Horrela, Foru Erkidegoak erreferente izan nahi du epe ertainean ekoizpen ekologikoa konbentzionala baino handiagoa izan dadin.
Plan hau gauzatzea Hitzarmen Programatikoan hartutako konpromisoetako bat zen. Aurkezpenean Isabel Elizalde kontseilariak legealdi honetan emandako pausuak nabarmendu ditu. Izan ere, produktu ekologikoen ekoizpena, eraldaketa eta komertzializazioa bultzatzeko hainbat neurri jarri dira abian legealdi honetan.
Urtebete luze iraun duen prozesu ireki eta parte-hartzailearen esku garatu da plana. Datozen 3 urteetarako lan ildoak adostu dira.
Sektoreak egindako azterketa horretatik abiatuta bost ardatz estrategiko ezartzen ditu Planak: produktore ekologikoen lehiakortasuna handitzea; ekoizpen ekologikotik garatzen den nekazal industria bultzatzea; kontsumitzailearen sinesgarritasuna hobetzea produktu hauen kontsumoa igotzeko; ekoizpen jasangarrian lan egiten duten sektore guztiak bateratzea; bere ingurumen eta gizarte onurak gizarteratzea.
Ingurumena gehiago errespetatzen duen eredu honen babesa berretsi du departamentuak, Elizalde kontseilariaren eskuetan. Honen ahotan, klima aldaketaren aurkako borrokaren ildotik planak enplegua sortuko eta tokiko nekazal egituren jarraipena bermatuko du.
Redexploranavarra.es Webgunea eremu ezberdinetako enpresa kudeatzaileen eta erakundeen elkartrukerako tresna komun bat da. Aldi berean, Nafarroa ezagutzeko eta bisitatzeko erakusleihoa da. Orain, mapak, abegi-zentroak eta informazio-egutegiak gehitu ditu, baliabideak ezagutzera emateko, eta espazio naturalak eta bereizgarriak dinamizatzeko.
Nafarroa Ezagutu Sareak 30 bat espazio natural, bereizgarri eta bide biltzen ditu. Lurraldearen eta iraunkortasunaren Nafarroako Lursarea Agentziak bultzatutako elkartea da, sortu berria; eta Foru Erkidegoko tokiko eragileen eskaerari erantzuten dio, haien ekitaldi, jarduera eta zerbitzuak partekatzeko. Horrela, ezagutza trukatzeko eta eskaintza osatzeko aukera ematen du.
Helburu horiek guztiez haratago, sarearen sorrera tokiko eragile eta udalen lan bateratuaren eredua izan da; Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek bere aurkezpenean azpimarratu bezala. Arazoei irtenbide komunak emateko xedea baitu, eta lankidetza horretan oinarrituta, administrazioa eta lurraldea bata bestearengan hurbiltzen du.
Halaber, Nafarroa Ezagutu Sarea ingurune naturala mantentzearen aldeko apustua da; Sektore ezberdinek bat egiten duten tokian, landa-ingurunea indartzeko baliabideak, zero kilometroa eta hurbiltasuneko nekazaritza bultzatuz, besteak beste. Baita landa-nukleoen despopulazioa eteteko estrategiak indartuz, eta tokiko enplegua babestuz.
Nafarroako biztanleria osoak kalitate goreneko ura izango du 2030. urterako. Aldi berean, kontsumo arduratsua bultzatuko da: gehienez 120 litro biztanleko eta eguneko. Gainera, saneamendu osoa izango dute 100 biztanle baino gehiagoko guneek. Neurri horiek guztiak jasotzen ditu Hiri-erabilerako Uraren Ziklo Integralaren 2019-2030 Plan Zuzentzaile berriak. Otsailaren 28ra arte kontsultatu daiteke.
Plana mugarria da Nafarroako uraren kudeaketan, lehenengo aldiz bateratzen baititu hornikuntza eta saneamendua. Hau da, loturarik gabeko bi plan bereiziak plan integral bakarrean batu dira. Ez da azpiegituren zerrenda huts bat, kudeaketa berri bat proposatzen baitu eta kontsumoaren eraginkortasuna bilatzen du. Horrela, klima aldaketak eragingo duen egoerara egokitzeko aukera ematen die herritarrei.
Plana prozesu parte-hartzaile baten bidez sortu da. 741 ekarpen jaso ditu Internet bidez eta eskualde batzarretan. Batzarrok, Bidasoa-Baztanen, Sakanan, Piriniotan, Mairagan, Erriberan, Iruñerrian, Izarbeibarren eta Jurramendin egin dira. Guztira 394 pertsonek hartu dute parte. Honako hauek izan dira gehien landu diren gaiak: entitate askoren datu gabezia; eskaeren prebisioak; antolakuntza eredua; tarifa-sistema; hornikuntza iturriak.
Otsailaren 28ra arte kontsultatu daiteke. Ondoren, Nafarroako Gobernuak onartuko du.