Buletina, 7. alea, 2018ko abendua
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa

Toki Erreformarako Foru Lege proiektuari oniritzia eman dio Nafarroako Kontseiluak

Nafarroako kontseiluak Gobernuak egindako Toki Administraziorako Foru Lege proiektuak konstituzioko legedia betetzen duela baieztatu du. Kontseiluaren arabera, “gure toki administrazioa indartu”, eta “eskualdeen ezarpenaren bidez eraginkortasuna hobetzen du”.

Nafarroako Kontseiluak- araudiek legea betetzen dutela bermatzen duen eta Gobernuaren aholkatzen duen kontsultarako organo nagusia- Nafarroako Parlamentuak eskatutako irizpena argitaratu du. Bere balorazio positiboa hurrengo hilabeteetan tokiko maparen erreforma berria onartu ahal izateko abala da.

Lege proiektua Toki Administrazioko Departamentuko Zuzendaritza Nagusiak garatu du, Isabel Elizalde buru duenak. Bi urteko prozesu parte-hartzailea izan da, non Nafarroa osoko eragile anitzek egindako proposamenak ezagutu eta jaso ahal izan dira.

Eskualdeen ezarpena nabarmentzen du irizpenak, besteak beste, eta adierazten duenez, “Udalen gainetik dauden tokiko zerbitzuak lurralde ikuspuntuaren bidez, eta ez bakarrik sektorialaren bidez, ulertzen dituen kontzeptu berri bati erantzuten dio”.

Aldi berean, proposamen berriak udal autonomia urratzen ez duela baieztatzen da, ur hornidura, hondakinen kudeaketa, gizarte zerbitzuak, eskualdearen lurralde-antolamendua eta administrazio zerbitzuen antolaketa eskualdeen eskumenen artean ezartzen baititu.

Informazio gehiago

Albisteak


Hartzaren itzulerarekin batera, abeltzaintza estentsiboa babesteko neurriak

Frantziak bi hartz askatu ditu mendebaldeko Piriniotan, eta Nafarroan eragin ditzakeen ondorioak gutxitzeko, hainbat neurri biltzen dituen proposamena osatu du Gobernuak. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilari Isabel Elizaldek aurkeztu du Erronkarin. Abeltzaintza estentsiboa eta Piriniotako jarduera ekonomikoa babestea da helburu nagusia. Izan ere, plan zehatz bat garatzeko konpromisoa hartu da, Pirinioko Plan Estrategikoaren barne egongo dena, eta eskualdeko abeltzaintza estentsiboa sustatzeko xedea izango duena.

Departamentuak proposatutako neurriekin batera, Zaraitzu eta Erronkariko gizarte eragileek, eragile ekonomikoek eta udalek egindako proposamenak barne hartzen ditu. Izan ere, Elizalde kontseilariaren ustez, horrelako plan batek arrakasta izan dezan, elkarlana beharrezkoa da.

Neurrien artean: behaketa eta disuasio taldea indartzea, eta artaldeen kokalekuen jarraipena GPS bidez egitea, proposatzen da. Halaber, kalteak neurtzeko eta kalte ordainak jasotzeko prozedurak arintzen dira, eta diru-laguntzak jasotzeko inguruko abeltzaintza ustiategiek dute lehentasuna, “hartza eremua” izendapena hartuko duen eskualdean ezarriko baitituzte.

Neurri hauekin batera, Pirinio Atlantikoko departamentuarekin ekintza koordinatuak adostu dira, eta hartzen mugimenduen informazioa bidaliko dute Frantziako arduradunek Nafarroakoei, hartzek GPS lepokoak eramaten baitituzte.

Orain arte izan diren lau erasoetan, osotara lau ardi hil ditu hartzak, hiru Ustarrozen eta bestea Izaban, denak azaroan. Guztira 40 abeltzain inguru dira Erronkarin; 25ek 26.000 abere xehe dituzte guztira; eta 17k 1.350 abere larri.

Informazio gehiago


Uholdeak saihesteko planak prest dira Nafarroa osoko hogei udalerritan

2018ko urtarriletik, Uholde Arriskuko Larrialdiko Plan Bereziaren barne dauden Nafarroako udalerriek eta kontzejuek derrigorrez egin behar dute Udal Jarduera Plana, urtebeteko epean. Helburua, uholde larrialdiei aurre egitea da, eta dagoeneko, hogei udalek betetzen dute uholdeak saihesteko onartutako plana.

Klima-aldaketaren eragina geroz eta ageriagoa da, eta tartean, euriteak ugariagoak eta biziagoak dira. Horregatik onartu da araudi berria, uholde arriskuaren aurrean kalteak ahalik eta gehien gutxitzeko. Nafarroako 15 udalek jarri dute abian dagoeneko: Agoitz, Urraul, Iruñea, Barillas, Monteagudo, Tulebras, Artaxoa, Burlata, Kaseda, Zirauki, Mañeru, Uharte, Deierri, Baztan eta Atarrabia. Gainera, Zangotzak, San Adrianek, Doneztebek, eta Sunbillak planak onartu eta homologatu dituzte.

Aldi beran, Toki Administrazioko Zuzendaritza Nagusiak diru-laguntzak abian ditu, eta beste hainbat herriri aukera eman die araudiak osatzeko. Garde, Araitz, Betelu, Urdax eta Villatuerta zain dira bereak onartzeko.

Abenduan, Lizarrako eta Caparrosoko udalek ere osatuko dituzte. LIFE NADAPTA proiektuaren bitartez egokitu ahal izango dute. Nafarroako 16 udalerri aukeratu ditu, uholde arrisku gehien dutenen artean. Faltzes, Funes, Tutera, Arguedas, Buñuel, Lodosa, Lesaka, Bera eta Etxalar dira proiektu hau baliatuko duten gainontzeko herriak.

Azkenik eta udal planez haratago, sortu litezkeen kalteak ahalik eta gehien gutxitzeko, Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak uhateak banatu ditu Baztango eta Sunbillako bizilagunen artean. Baztanen, neurri hauekin batera, biztanleriaren gaitzea sustatu da, eta SMS LAMIA abisuak egiteko aplikazio telematikoa garatu da.

Informazio gehiago


Nafarroako produktu esanguratsuenak euskal hiriburuetan

Nafarroa Dastatu programa aurkeztu da Donostian, Basque Cullinary Centerean, eta Bilboko hirigunean, azaroan. Gastronomia, historia eta ikuskizunak batzen dituen proposamena da, eta Nafarroako produktuak ezagutzera ematea da bere helburua. Horretarako, kontakizunak, historiak eta musika uztartzen ditu.

Horrela, lurraldeko elikagai esanguratsuen atzean pertsonak eta kultura ere badaudela erakutsi nahi du proiektu honek, gizon-emakumeek egiten duten lana nabarmenduz, eta belaunaldi gazteei ondare hau transmitituz.

Programa hau Nafarroako Teknologien eta Azpiegituren Institutuak (INTIA), Reyno Gourmetek eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak jarri dute abian. Dagoeneko, Bilbon eta Donostian aurkeztu dute.

Bilbon, azaroaren 16an eta 17an egin ziren hainbat ekitaldi: Nafarroako produktu ezagunekin pintxoak egiteko tailerra zuzendu zuten Mikel Zeberio aditu gastronomikoak eta Enrique Martinez sukaldari nafarrak, "pintxo potea" Nafarroako produktuekin, dastamen-foro-ikuskizuna Ercilla hotelean -120 pertsona bildu zituena- eta kalean, merkatua jarri zuten Indautxun, Nafarroako produktuak dastatzera emateko eta saltzeko.

Donostian, bestalde, azaroaren 26an, Basque Culinary Centerren dastatze-foro bat egin zen. Nafarroako sei ekoizlek bere produktuak aurkeztu zituzten: Arruazuko Albi Gaztandegia, Conservas Artesanas Capullo, Josenea, La Maja olioa, Bodegas Azpea eta Euskal Txerriak hazten dituen Maskarada. Gainera, ekitaldian Iruñeko BaserriBerri eta Tuterako Remigio jatetxeetako sortze-lanak dastatu ahal izan zituzten.

Nafarroa Dastatu - Donostia

Nafarroa Dastatu - Bilbo


Abeltzaintza eta Nekazaritza babesteko, sindikatuekin hitzarmenak sinatu ditu Gobernuak

Nafarroako Gobernuak hitzarmenak sinatu ditu UAGN eta EHNE- Nafarroa sindikatuekin. Horrela, UAGN-ek 85.542 euroko diru-laguntza jaso du; eta 46.658 eurokoa EHNE-k. Guztira, 132.200 euro zuzendu ditu Gobernuak, nekazaritza eta abeltzaintzaren babeserako.

Bi sindikatuek sektore-mahaietan eta erakundetan parte hartzen dute, non ordezkaritza lan garrantzitsua egiten dute, ekoizpen eta merkaturatze erabakiak hartzen baitira haietan. Modu horretan, Nafarroako kalitatezko produkzio-sistemak mantentzen dituzte eta nekazaritza elikagaien esparruan bereiztea lortzen dute, besteak beste; eta, oro har, Nafarroako nekazaritzako interesak defendatzen dituzte.

Aldi berean, sindikatuek sektorearen beharrak eta kezkak bideratzen dituzte. Alde batetik egoeraren azterketa etengabea egiten dute, eta informazio hori eskaintzen dute foro ezberdinetan. Bestetik, erakunde ezberdinekin duten elkarlanari esker, nekazariak eta abeltzainak informatzen dituzte, kezkatzen dien gaiei buruz.

Nafarroako Gobernuak sindikatuen lan hori guztia aitortzen du, horren ondorioz gauzatu da hitzarmena. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko sailburuak, Isabel Elizaldek; Felix Bariain, UAGN-ko buruak; eta Imanol Ibero, EHNE-Nafarroako presidenteak sinatu dute akordioa.

Informazio gehiago


^