Nafarroako Gobernuak, Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoaren bitartez bultzatutako programa da. Xedea, ikasleak eta irakasleak hondakinak murriztearen helburuan inplikatzea da.
Horretarako, bi ekimen nagusik osatzen dute programa. Alde batetik, BokatONa, Partzuergoko mankomunitateetako ikastetxeei zuzendua; eta Hamaiketako Arduratsua, Iruñerrikoei. Bestalde, 575 tailer didaktiko baino gehiago antolatuko dira.
Eguneroko keinuek ingurumena babesteko duten garrantzia nabarmendu nahi da BokatONa eta Hamaiketako Arduratsua bezalako programekin, eta hondakin sorreraren prebentzioa dute ardatza. Besteak beste, hondakinak murrizteko otarteko-eramangailu bat erabiltzearen eragina ikusiko dute ikasleek jarduera hauetan.
Tailerrak Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleei zuzenduta daude. Batez ere, kontsumo arduratsua, konpostajea eta birziklapenerako bereizketa landuko dituzte. Arreta berezia jarriko dute, gainera, ikasleek erabili ohi dituzten materialetan: materia organikoan, ontzietan eta tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetan, alegia.
Azkenik, programa borobiltzeko, hondakinei buruzko proiektu berritzaileen sariketa ere antolatu da. Lehen Hezkuntzako, Bigarren Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ikastetxeak aurkeztu daitezke. Parte hartzaileek hondakinak saihesteko eta kudeatzeko ekintza berritzaileak sustatu beharko dituzte. Dagoeneko, Nafarroa osoko 26 ikastetxek eman dute izena.
Nafarroako Hondakinen Prebentziorako Hezkuntza Programa Cascanteko ikastetxean aurkeztu zen urriaren 26an. Lehen Hezkuntzako ehun ikasle inguru parte hartu zuten hondakinik gabeko hamaiketakoan, eta bertan egon zen ,Tomás Aguado, Erriberako Mankomunitateko zuzendaria.
App berri bat bultzatu du Landa Garapeneko Zuzendaritza Nagusiaren Abeltzainen Bulego Birtualak. Honen bidez, mugikorraren bidez eguneratu dezakete euren abereen errejistroa eta ustiategiaren gidaliburua.
Abeltzaintzarako Bulego Birtualaren sorrerarekin, aurrez aurre egin behar zituzten tramiteak, etxetik egin ahal izatea bideratu zen. Modu errazez etxetik eskatu eta inprimatu ditzakete abeltzainek behar dituzten dokumentuak. Orain, tramite guztiak sakelako telefonotik ere osatu ahalko dituzte.
Tresna erabiltzen ikasteko aukera dute abeltzainek. Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko departamentuak, INTIA erakunde publikoarekin batera, ikastaroak antolatu baititu Nafarroan zehar. Urriko eta azaroko eskaintza estali egin denez, ikastaro gehiago burutuko dira Iruñean, Lizarran, Tuteran eta Elizondon.
Jardunaldien helburua, aplikazioaren funtzionamendua azaltzeaz gain, sareko administrazioko erabilera bultzatzea da. Izan ere, abeltzaintzaren arloan, Internet bidezko tramiteak kopuru txikiagoan egiten dira. Hala ere, gora egiten ari da: abeltzain giden %70 modu onlinean osatu dira azaroan. Hau da, hilean 2.000 osasun gida bete dira sarean, bataz besteko, 2018an.
Bestalde, adi tramiteetan izandako azken aldaketekin. Abuztuan 170/2018 Foru Agindua argitaratu zen, hain zuzen ere. Ondorioz, animaliak mugitzeko, ezin dira dagoeneko lekualdatze dokumentuak erabili. Abuztutik aitzin, abereak tokiz aldatzeko, besteak beste, hiltegietara, bazkalekuetara edo beste ustiategi batera, ‘jatorri eta abere-osasun gida’ beharrezkoa da. Gida hau, Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazioko bulegoetan edo Abeltzaintzarako Bulego Birtualaren bitartez eskuratzen ahal da.
Guztira 86,7 milioi euro ditu Landa Garapen, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiaren aurrekontuen aurreproiektuak. Hau da, aurtengoa baino %11 handiagoa da, eta 2015koaren ia bikoitza, %44an igo baita azken 3 urteetan.
Nekazal ustiategien babesa mantentzeko, 9,5 milioiko inbertsioak aurreikusi ditu. Bestalde, gazteen presentzia bultzatu nahi da sektore honetan, 3,5 milioiko aurrekontuaren bitartez. Neurri hauek Nafarroako Landa Garapeneko Programaren barne daude eta FEADERekin batera finantzatzen dira.
2019ko aurrekontuekin ordainduko dira, gainera, aurtengo ezohiko uholdeek eragindako kalteak. Guztira 2,85 milioi euro gordeko dira honetarako. Aldi berean, mendi eta behar handiena duten eskualdetako konpentsazio ordainen partida 4,5 miloi eurotik 5,2ra igoko da.
Bestalde, berria izanen da kooperatibei zuzendutako diru-laguntzak. 750.000 euro jasoko dituzte makina partekatuko kooperatibek, eta 150.000 euro bideratuko dira abere ustiategien biosegurtasuna hobetzeko.
Bukatzeko, argitu beharra dago, hurrengo urteko aurrekontu hau, Nafarroako Kanaleko proiektuari atxikitutako garapen konpromezuak mugatzen duela. Ia 29 milioi zuzendu behar dira horretarako, 2018ko aurrekontuetan baino 2,5 milioi gehiago.
Nekazaritza-Kontseiluak Aurrekontuen aurreproiektua aztertzeko aukera izan du, Landa Garapeneko departamentuak, aurrekontuak erakundeekin batera aztertzeko konpromezu irmoa baitu.
Urrian onartu zuen Foru Parlamentuak 2017-2019 urteetarako Tokiko Inbertsioen Planaren Foru Legearen aldaketa. Helburu nagusia, prozedurak arintzea eta epeak luzatzea izan da, aurreko urteetan somatutako arazoak konpontzeko asmoz.
Obrak egiteko udalek egin behar dituzten tramiteak errazteko egin dira aldaketak. Baita herrialdeen arteko oreka bermatzeko. Izan ere, besteak beste, sakabanaketa geografikoaren eragina duten herriek proposatutako obrak lehenesten dira, eta ehuneko ehunean egitea ahalbideratzen da. Hori guztia betetzeko, 100 milioi euro bideratuko dira plan honetara.
Besteak beste, honako hauek dira legeak jasotzen dituen aldaketak: ekitaldi ezberdinetan txertatu daitezke konpromezu ekonomikoak, obren luzeraren arabera; diru-laguntzak handitu dira, gainera, eta larrialdiko prozedimendu berri bat gehitu da; azkenik, salbuespen erregimena ere aldatu da, eta bazterkeria saihesteko asmoz, obrak epean egiten ez dutenentzako isun sistema berri bat sortu da.
Horiek ez dira hobekuntza bakarrak. Udalerriek obra hasieran jasotzen duten diru-ekarpena %50etik %60ra igoko da, horrek tokiko erakundeen gaitasun ekonomikoa hobetuko du, eta Tokiko Administrazioko Zuzendaritza Nagusiari, hasiera faseko gastu bolumena handitzea baimenduko du.
Abonuen eskakizuna egiteko epeak ere aldatu dira: 2018ko obretarako egin beharrekoak, abenduaren 1era arte egin daitezke. 2019koetan, hurrengo urteko azaroaren 1ean bukatzen da epea, eta salbuespen egoeratan abenduaren 1a bitarte izango dute.
Nafarroako hainbat herritan laster izango dute ikusgai "Bertan kasu egin edo banoa" Trokolo taldeak antzezten duen lana, Iraunkortasunaren Nafarroako “Lursarea” Agentziak ekoiztutakoa Klima Aldaketaren Bide Orriaren (KLINA) dibulgaziorako. Izan ere, formatu atseginean klima aldaketaren arazoak eta eraginak ezagutzera ematea da antzerkiaren helburua.
Klina eta Klin doktoreak dira protagonistak. Larri dagoen gaixo berezi bat sendatzea da euren eginkizuna: sukar handia du, eteten ez duten dardarak, eta agerikoa da gasekin pozoitua edo kutsatua izan dela. Gaixo hau Lurra da, eta miatzen duten bitartean, bere egoera eragiten ari diren arrazoiak aztertuko dute doktoreek. Ondoren, diagnostikoa ete jarraitu beharreko sendabidea erabakiko dute.
45 minutuko ikuskizuna da "Bertan kasu egin edo banoa" eta, umorearen bidez, klima aldaketaren arrazoiak eta ondorioak nabarmendu nahi ditu. Adin guztietako publikoari zuzendua da, baina txikiek heldu batek lagunduta joan beharko dute.