Buletina, 5. alea, 2018ko urria
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa

“AgurPlásticoAdiós”

Plastikozko poltsen erabilera murriztea. Hori da helburua. Horretarako elkartu dira Nafarroako Gobernua, Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularra Bultzatzeko Bulegoa, Hondakinen Kontsortzioa, GAN-NIK enpresa eta Iruñerriko Mankomunitatea.

Plastikozko poltsen egungo kontsumo maila jasanezina da. Sortzen duten hondakin kopurua kudeagaitza da. Ingurumenean kutsadura eragile handiak izateaz gain, plastikoek eragin berezia daukate itsasoetan, erreketan zein bestelako ur-masetan; munduko uretako ekosistementzat mehatxu zuzena dira.

Nafarroa Garaiak plastikoari agur esateko konpromiso irmoa du. Kanpainaren aurrekontua 55.800 eurokoa da. Herritarrak arazoarekiko sentikor bihurtzea eta, batez ere, plastikozko poltsak telazkoekin edo paperezkoekin ordezkatzea da xede nagusia. Izan ere, Hondakinen Foru Legaeak debekatu eginen ditu plastikozko poltsak 2020ko urtarrilaren batetik aurrera.

Zangozako Smurfit Kappa enpresak modu iraunkorrean paperezko 130.000 poltsa fabrikatu ditu. Poltsa hauek oso gogorrak dira; 12 kilogramora bitarteko pisuko produktuak sar daitezke eta hezetasunari ere eusten diote.

Paperezko poltsa hauek urria eta azaroa bitartean puntu garbiak bezalako instalazioetan, mankomunitateen bulegoetan eta, bereziki, tokiko eta hurbileko merkataritzan banatuko dira. Plastikozko hondakinek ingurumenean ikaragarrizko kalteak sortzen badituzte ere, plastikoa da munduan gehien erabiltzen den lehengaietako bat. Bost minutu baino ez dira behar plastikozko poltsa bat egiteko, aldiz, 150- 500 urte artean behar omen da plastikoa desegiteko. Petroliotik eratorritako poltsen erabilera indiskriminatuak alternatiba dauka. Kanpaina hau da horixe frogatzeko aukera bikaina. Klima-aldaketaren aurkako borrokan sakontzeko beste urrats bat da.

Informazio gehiago

Albisteak


Nekazaritza Politika Bateratuaren 40 milioi euroren aurrerakina ordainduko du urrian Nafarroako Gobernuak

Sektoreari 2018ko kanpainaren hasierako lanak aurrera ateratzen lagunduko dion likidezia emateko asmoz, Nafarroa ordainketa egiten lehenengo autonomia-erkidegoetako bat izan da.

Urrian zehar Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak 10.375 nekazari nafarri 40.097.942 euroren ordainketa eginen die, honela banatuta:

  • 25.556.218 euro, %64, oinarrizko ordainketarako;
  • 13.171.150 euro klimaren nahiz ingurumenaren mesedeko nekazaritza jardunbideetarako;
  • 628.921 euro nekazari eta abeltzain txikientzat;
  • 506.624 euro 239 profesional gazterendako;
  • 235.028 euro arroza, oskola duten fruituak, kalitateko lekaleak nahiz azukre-erremolatxa laboratzeko laguntzetarako.

Nekazari onuradunek SMSren nahiz posta elektronikoaren bitartez jasoko dute Nekazari Zerbitzuaren jakinarazpena. Aurrerakina jaso ahal izateko, kontrol administratibo guztiak gainditzeaz gain, lurraren gaineko kontrolak ere burutu behar izan dira.

Heldu den azaroan lehen ordainketa honetan sartu ez diren aurrerakin gisako beste ordainketak ere eginen dira. Abenduan, 2018ko kanpainako laguntzen saldoei dagozkien ordainketak eginen dira.

Informazio gehiago


3,6 miloi euro nekazaritza aseguruak kontratatzeko

Landa Garapena, Nekazaritza eta Abeltzaintzako Zuzendaritza Nagusiak 2019ko Nekazaritza Aseguru Konbinatuen Planari dagozkion aseguru polizak kontratatzeko 3.650.000 euroko gastua baimentzea erabaki du. Laguntza hauen helburua ustiaketaren titularrari leporatu ezin dakizkiokeen egoerengatik aseguru horien kostuari aurre egitea da. Batez ere kazkabarra, eurite handiak, uholdeak, harriabarra, eta antzeko fenomeno metereologikoen ondorioz sor daitezkeen galerei aurre egiteko asegurua da.

Nekazaritza zein abeltzantza sektoreei zuzendutako diruz lagunduriko poliza hauek 2019. urtean zehar eta 2020. urteko lehenengo sei hilekoan eska daitezke.

Informazio gehiago


Tokiko Administrazioaren Erreformaren prozesu ireki eta partehartzailea

Tokiko Administrazioaren Erreformaren prozesuaren protagonistak hasiera batetik, udalak eta beste toki-entitateak izan dira. Prozesu parte hartzaileak hauen ekarpenak aintzat hartu ditu.

Hortaz, eragile hauen guztien proposamenak entzun ondoren, Nafarroako Gobernuak dagokion txostena egin du. Prozesuaren azken proposamenak Nafarroako Toki Entitateen %62aren babesa jasoz. Toki Administrazioko Zuzendari Nagusi, Xabi Lasa, ondoko bideoan mintzo da prozesu parte hartzaile honi buruz.


“Emakumeok klimaren alde” MANIFESTUA

150 emakume politikarik, zientzialarik eta aktibistek “Emakumeok klimaren alde” ituna sinatu dute Iruñean. Adierazpen honek aldaketa klimatikoaren aurkako jardunetan emakumeen rolaren inguruan gomendioak biltzen ditu.

Sinatzaileek herritarrak, elkarteak zein erakundeak manifestuarekiko atxikitu daitezela bultzatu nahi dute. Nafarroako Gobernuak sustatutako “Emakumeak eta klima aldaketa, Nafarroa 2018” topaketa honekin aldaketa klimatikoaren inguruan herritarrek gogoeta aktiboa egitera bultzatu nahi dituzte eta, batez ere, emakumeek politikatik, zientzia eremutik edota aktibismotik egindako ekarpenak ezagutzera eman.

“Emakumeok klimaren alde” dokumentuak azpimarratzen du “klima aldaketa emakumeen ekarpenaren indargunea erakusteko aukera bat dela” eta horrek “ berdintasun handiagoko eredura eta natura zein pertsonak (bereziki emakumeak) gehiago errespetatzen dituen eredura aldatzen” lagunduko duela. Adierazpen honek aldaketa klimatikoaren eta emakumeen rolaren inguruan plangintza, kudeaketa eta jarduerak bultzatzeko konpromiso irmoa du.

Emakumeen elkarretaratze honek klima aldaketaren inguruko erabakiak hartzeko emakumeen ahalduntzea azpimarratzen du. Agiriak honako politikak sustatzen ditu:

  • iraunkortasunaren kultura berrian oinarritutako hezkuntza,
  • aldaketa klimatikoak osasunean eta bereziki emakumeengan dituen efektuei buruzko azterketa eta programak,
  • talde ezberdinen urrakortasun klimatikora egokitutako gizarte-politikak.

Topaketan Espainiako Gobernuaren Agenda 2030erako Goi Komisario, Cristina Gallach eta Nafarroako Lehendakari, Uxue Barkosek “klima aldaketaren kontrako borrokan jarduteko azken belaunaldiaren aurrean gaudela” ohartarazi dute.

Barkosen hitzetan “arazo honen premiaz jabetutako lehenengo belaunaldia gara” eta ezin dela denbora galdu azpimarratu du. Lehendakariak azaldu duenez, mundu mailako berotzeak dagoeneko pertsonen osasunean eragina du; bestelako ondorioen artean espezieen desagerpena, itsasoen mailaren igoera eta pobreziaren areagotzea adierazi ditu.

Klima aldaketaren ondorioz emakumeek jasanen dute kalterik handiena, baina hein handi batean ere, emakumeak dira era eraginkor eta arduratsuagoan arazo honi aurre eginen diotenak; gizonezkoek baino energia eta ur kontsumo murritzagoa baitute, besteak beste.

Manifestua esteka honetan sinatu daiteke: Hemen

Manifestua deskargatu


^