Buletina, 4. alea, 2018ko iraila
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa

Emakumeak eta Klima Aldaketa topaketa

Heldu den urriaren 15ean eta 16an, Emakumeak eta Klima aldaketa Topaketa eginen da Iruñean lehendabizikoz. Emakume politikariak, zientzialariak eta ekintzaileak elkartuko dira bertan klima aldaketari aurre egiterakoan emakumeek egiten dutena azalarazteko eta jokatzen duten rolaz mintzatzeko. Ihardunaldi hauen helburu nagusia emakumeak arlo honetan egiten ari diren ekarpenak ezagutaraztea, baita gizarte eredu berri baten inguruko hausnarketa egitea ere.

Klima aldaketa jasango dugu eta izan ere jasaten ari gara dagoeneko. Eragina norainokoa izango den da auzietako bat eta irtenbideak zein, bestea. Arazo honen inguruko eztabaidak gizarte ereduari, eredu ekonomiari eta gure bizimoduari buruzko eztabaidarekin lotura estua dauka.

Nafarroako Klima Aldaketaren Ibilbide-Orriak adierazten duen moduan, eredua aldatu ahal izango da soilik prozesu ezberdin bat egiten bada. Eta erronka honi irmotasunez aurre egiteko funtsezkoa da emakumeen jarduna. Argi dago emakumeak badituztela beste ikuspuntu batzuk, bestelako bizi esperientziak dituztelako. Emakumeen sormen, talentu eta trebetasun guztiak baliatu behar dira klima aldaketaren borrokan, emakumeen esperientziaren bidez bestelako soluziobideak bila daitezkeelako.

Hori dela eta, heldu den urriko Topaketa honek eztabaidarako gunea izan nahi du; alde batetik, afera honek eragiten dituen ondorioei aurre egiteko premiazko neurriak hartzeko eta, bestetik, emakumeak ahalduntzeko. Klima aldaketaren inguruko esparru honetan lanean ari diren emakume ororen ekarpenak aditzera emateko eta aldi berean euren ezagutza azpimarratzeko elkargunea izango da.

Baluarteko Topaketa honek klima aldaketaren aurkako emakumezkoen mugimendua sustatu nahi du, gizarte zibilaren esparru guztietara heda daitezkeen ereduak zehazte aldera.

Albisteak


Tokiko Administrazioaren Erreformak Udalen finantziazioa bermatuko du

Nafarroako Gobernuak bultzatutako Tokiko erreformak Udalen finantzazioari segurtasuna eta bermea emanen dio. Aldaketa honi esker Tokiko Administrazioaren egitura sendotuko da.

Udalen finantzazioa afera zaila eta konplexua izan da beti. Erreforma honen bitartez finantzazioa indartu nahi da. Horretarako Udal finantzazioaren buruzko ildo nagusiak bereiziko dira. Hemendik aurrera, udalen finantzazio sistema Nafarroako zergen bidezko diru sarreretan oinarrituko da.

Bestalde, orain arte diru laguntzen bidez hornitutako hainbat zerbitzu finantzazio sendoagoa izanen dute.

Toki Administrazioko Zuzendari Nagusi, Xabi Lasa, ondoko bideoan mintzo da aldaketa hauei buruz.


Arg.: Eduardo Blanco

Nekazariak eta Ingurumena elkarlanean basoilo txikia ez desagertzeko

Basoilo txikia desagertzeko zorian dagoen estepako hegaztia da. Hori dela eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak eta GAN-NIK enpresa publikoak basoilo txikia berreskuratzeko kanpaina sustatu dute. Nafarroako Erdialdeko hainbat nekazarik eta Tafallako Udalak 22 lursail lugorrian utzi dituzte animalia honen berreskuratzea lortzeko asmoz.

Basoilo txikia berreskuratzeko bidea luzea izan da. Esperientzia pilotu hau aurrera atera ahal izateko nekazarien elkarlana ezinbestekoa izan da. Bestalde, helburua lortzeko ezinbestekoa izan da ohiko lugorriak mantentzea, lur sail hauek baitira basoilo txikien ugalketarako lekurik aproposenak. Urte hasieraz geroztik lugorria 9 nekazarien 22 lur sailetan egiten ari da Lerinen (6 lur sail), Andosillan (7) eta Falcesen (7). Tafallako Udalak, gainera, ekimen hau aurrera eramateko herri-lurretan dituen 6 lur sail lugorri utzi ditu.

Kanpaina honi esker, desagertzeko zorian dagoen hegazti honen 4 eme eta euren kumeak lur sail hauetan antzeman dituzte. Hainbat adituen aburuz, lugorriak basoilo txikia bertan ugaltzeko lekurik egokienak dira. Hortaz, ekimen honen lanak berebiziko garrantzia du animalia honen berreskuratzea lortzeko. Nafarroan 2005-2016 epealdian basoilo txikiaren kopurua %80 inguru murriztu zen. Kanpaina honek hegazti honen babesa bermatu nahi du.

Ingurumen sailak “lurraldea zaintzeko kontratuen” bidez, lugorri utzi eta basoilo txikien presentzia egiaztatuta duten lur sailen jabeei ordainsariak emanen dizkie. Saiakera ongi atera denez, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Departamentuak eta GAN-NIK enpresa publikoak orain bukatzen ari diren Espetako hegaztiak kontserbatzeko plangintzan sartuko dute.

Informazio gehiago


Ingurumen Heziketa Programa martxan da

Gure paisaiak ezagutzeko ibilaldiak, Nafarroan ditugun animali babestuen gordelekuak, nekazal eremuen balio ekologikoa edota basoen kudeaketa iraunkorra. Horiexek dira, besteak beste, aurtengo Ingurumen Heziketarako programak biltzen dituen proposamenak. 16 dira guztira eta denetan Departamenduko teknikariak eta basozainak izanen dituzte gidari. Badira ere ikasleei eta taldeei zuzenduriko ekimenak.

Aurtengo ikasturtean jarduera gehiago antolatu dira eta Nafarroa osora zabaldu dituzte. Programa honen helburua alde batetik, jendarteari jasangarritasuna zein ingurumenarekiko errespetua eta babesarekin lotutako balioen berri ematea da eta, bestetik, aldaketa klimatikoaren ondorioz sortutako arazoak ezagutaraztea da. Jarduera hauei esker, herritarrek Departamentuak eskainitako zerbitzuen ezagutza eta teknikari zein Basozaingoaren zereginak ezagutzeko aukera izanen dute.

Beraz, baso paisaiak ezagutzeko ibilaldiak Kintoa/Aldude, Leitza, Ezkaba, Jurramendi eta Lerinen eginen dira. Arguedaseko estepako paisaiaz eta Zarrakaztelu zein Pitillaseko hezeguneez gozatzeko aukera ere izanen da. Ibilaldi hauek Nafarroako Gobernuko adituen bermea izanen dute, gure eskualdeko fauna babestuari eta habitatari buruzko azalpenak emanen dituzte.

Bestelako jardueren artean, Ilundaingo Fauna Berreskuratzeko Zentroari eta Erriberriko Baretongo mahasti esperimentalari bisita eginen zaie. Orreagan azienda-arraza autoktonoekin egiten den lana ezagutzeko jarduera ere antolatu da. Honekin batera, Nafarroako Basozaingoaren lana ere aditzera emanen da.

Ikasleei bereziki zuzendutako ekintzak ere antolatu dira. Eguneroko jardunean ingurumena babesteko eginkizunak ezagutzeko aukera izanen dute. Saio didaktiko hauek, euskaraz zein gazteleraz, ikastetxe ezberdinetan eginen dira. Ikasleek, gainera, gure eskualdeko natura ezagutzeko hainbat ibilaldi egiteko aukera izanen dute. Ibilaldiak Aralar mendilerroan barna, Tuteran, Ultzama-Arakilen edota Ezkaba mendian eginen dira.

Informazio gehiago

Ingurumen programa


Nekazaritza eta Abeltzaintza Lanbide-Heziketako planak 37 ikastaro eskaintzen ditu aurtengo bigarren seihilekorako

Nafarroako Gobernuaren Nekazaritza-Abeltzaintzako Lanbide-Heziketarako Plana INTIA (Nekazaritzako Teknologia eta Azpiegituren Nafarroako Institutua) enpresa publikoak osatu du. 37 ikastaro hauek lau arlo ezberdinetan banatu dira: nekazaritza-abeltzaintza jardueretarako sarrera, nekazaritza-abeltzaintza elikaduragintza, nekazaritza-abeltzaintza jardueretako trebakuntza eta ingurumen arloko jarduerak.

INTIAk 35 urte baino gehiago egin ditu prestakuntza teoriko-praktikoak garatzen. Urtero 150 prestakuntza ekintza baino gehiago eskaintzen ditu, zeinetan 3.500 lagunek baino gehiagok parte hartzen duten.

Urte bukaera bitartean ikastaro hauetan parte hartu nahi duen pertsona orok izena eman dezake 948 01 30 58 telefonoan edota intiajornadas@intiasa.es posta elektronikoan.

Programa hau Landa-Garapenerako Europako Nekazaritza Funtsak eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak kofinantzatu dute.

Informazio gehiago


^