Joan den martxoaren 12tik apirilaren 17ra bitarte, Klima-aldaketari eta Eredu Energetikoaren Trantsizioari buruzko Foru Legearen aurreproiektua jendaurreko erakusketan da eta alegazioak eta iradokizunak aurkez daitezke.
Aurreproiektuaren testuari buruzko parte-hartze publikoa sei saio irekiren bitartez eginen da. Proiektua aurkeztu eta eztabaidatzeko aukera emanen duten saio horiek, martxoaren azken astean eta apirilaren lehen astean, Bertizen, Zangozan, Tafallan eta Lizarran Iruñean eta Tuteran egitea aurreikusi da.
Etorkizuneko Lege horren helburua hauexek dira: klima aldaketa eta energia berriztagarrietan oinarritutako eta karbono maila baxuko eredu energetiko baterako trantsizioa arindu eta errealitate horretara egokitzeko esparru arauemailea Nafarroan bermatu . Gainera, nafar gizartea eta bere ingurua klima-baldintza berrietara prestatzea da helburua, betiere, alor horri buruzko nazioarteko ildoak eta konpromisoak jarraituz.
Testuak, besteak beste, honakoa ezartzen du: administrazio publikoen eredugarritasuna klima-aldaketari dagokion lanetan, kontsumo energetikoak eta isurpenak murriztuz, berriztagarriak ezarriz eta mugikortasun jasangarria sustatuz. Eraikin berrietarako eta garraio publikoko ibilgailuetarako betebehar progresiboak ere zehazten ditu, baita gehien isurtzen duten entitateen kasuan derrigorrez karbono-aztarna kalkulatzea ere.
Nafarroako Nekazaritza Kontseiluak, bere azken bilkuran, Nekazaritza Ministerioak eta autonomia-erkidegoek datorren hamarkadarako Nekazaritza Politika Bateratuarentzako estatuko Plan Estrategikoa garatzeko jarraituko duten lan egutegia ezagutu zuen.
Joan den otsailaren 27an egindako bilkuran, Ignacio Gil Zuzendari Nagusiak Nafarroako Kanalaren Bigarren Faseko egungo egoeraren berri ere eman zien Kontseiluko kideei. Izan ere, Nafarroako Gobernuko zerbitzu teknikoek antzemandako akatsak direla eta, ibilbide eta eraikuntzarako alternatibak jasotzen zituen ikerlana egileei bueltatu diete. Ayerdi eta Elizalde kontseilariek Foru Parlamentuari horren berri eman zioten egun berean azaldu zizkion Igancio Gilek sektoreari UTE INGIOPSIA-EPTISAk egindako ikerlanaren zehaztasunak eta dituen aurrekontu akats nabarmenak. Baita emaitza eta ondorioak baldintzatzen duten zenbait gabezia tekniko ere. Hori dela eta, CANASAk ikerlana lehenbailehen zuzendurik eta osorik aurkez dezala exijitu dio.
2020tik aurrera izanen den NPBko erreformari dagokionez, Zuzendari Nagusiak Nekazaritza Kontseiluarekin batera, Nekazaritza Politika Bateratuaren Plan Estrategikoa osatzeko kronograma landu zuen, Ministerioarekin izandako azken bileretan ateratako ondorioetan oinarrituz. Horrela, 2020tik aurrera indarrean egonen den NPBren erreformarako Espainiako Gobernuak Europar Batasunean aurkeztuko duen estatu programa helburu izanen duen plan estrategikoa osatzeari hasiera eman zaio.
Sektoreko sindikatuekin adostasunean, Nafarroako Gobernuak eskubide historikoetan oinarritutako ordainketa sistemaren deuseztatzea defendatzen du eta diru-laguntzaren hartzailearen eta honi exijitu beharreko baldintzen berrikusketa sakonaren alde egiten du. Horregatik, beharrezko ikusten du ustiategi familiar eta profesionala lehenesten duen eredu berri bat.
2020ko NPBren Erreformaren Kronograma
San Adrianek Automodelismo Zirkuitu bat dauka bere inbentarioan.
Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Tokiko Administrazio Departamentuak azken hiru urteotan emandako diru-laguntzari esker, Nafarroako zenbait udalerrietan egindako inbentarioetan ezusteko politak topatu dituzte. San Adrianek bere Automodelismo Zirkuitua dauka, Burlatak hegazti espezie esanguratsuak bildu ditu besteak beste bere inbentarioan: urre koloreko faisaia, pauma, zisne zuria eta agaporniak adibidez. Eta Cortesek 1999an bereganatutako 18 artelan historiko ditu, tartean, Austriako Juanen erretratua edota Isabel II.a Erreginaren grabatua. Dagoeneko egindako inbentarioetan bildutako ondasunetako batzuk dira horiek.
6/199 Foru Legearen arabera, beharrezkoa da inbentarioak etengabe gaurkoturik mantentzea, eta horretarako urtero zuzendu eta udalbatza berritzen den aldiro berrikustea. 2016tik hona, Tokiko Administrazioak 213.589 euro bideratu ditu nafar udalek euren inbentarioak osatu edo gaurkotu ditzaten. Dagoeneko Nafarroako 65 udalerrik jaso dute diru-laguntza, handienek eta pixkanaka indarrean dagoen legedia betetzen hasiak dira.
Aurten, udalerri txikienei zuzendurik egon da deialdia eta hamar bat udalen beharrak betetzea aurreikusten da. Nafarroako Gobernuak 20.000 euroko diru-laguntza deialdia egin du udalerriek euren ondasun eta eskubideen inbentarioak egin edo gaurkotu ditzaten eta izango balute, lurreko udal ondaretik bereizitako inbentarioa osatzeko. Ondasun higiezinak, errege eskubideak, izaera historikoko altzariak, artelanak, etab.
Gehienez 5.000 euroko diru-laguntza emanen zaio udalerri bakoitzari. Hau da, inbentarioa egiteko kontratatu beharreko zerbitzu teknikoak duen kostuaren %50 diruz-lagunduko da.
Bete beharko diren baldintzak dira besteak beste: deialdia egin denean inbentarioa egin gabe izatea, edo azken gaurkotzea 2015ko abenduaren 31 baino lehenagokoa izatea, Kontu Orokorra Nafarroako Gobernura bidalita izatea eta inbentarioari ekin izana 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera.
Amuarrainak arrantzatzeko baimen kopuruaren beherakada da 2019rako arrantza arautegiaren berritasunik esanguratsuena. Orain dela bi urte egindako kontaketan antzemandako arrainkumeen beherakadaren ondorioa da.
Aurten, 2018an baino 4.324 arrantza baimen gutxiago izanen dira Goiko Amuarrain Eremuan. Iazkoarekin alderatuta, beherakadaren eragina espeziearen populaziorik handienetakoa mantentzen duen Bidasoaren eta Ega-Urederra ibaien arroetan izanen da.
Beste zenbait arroetan baimen gehiago banatuko badituzte ere, aipatu beherakada ez dute orekatzen.
Arrantzale bakoitzeko baimen kopuruari dagokionez, ez da aldaketarik izanen: 12 baimen izanen dira. Arrantza estraktiboan jarduteko 5 baimen gehienez (bi amuarrain gehienez pertsona eta eguneko), betiere maiatzean eta ekainean. Tenperaturek eta ur emariak ahalbidetuz gero, hil gabeko arrantzan aritzeko epea luzatu liteke.
Ez dago berritasunik Goia Amuarrain Eremuko arrantzako arautegiari dagokionez.
Izokina
Izokinaren kasuan, baimen sistema berdin mantenduko da, gehienez ere 60 izokin datorren apirilaren 14an hasiko den denboraldirako. Hori bai, debekualdia izanen da maiatzaren 27tik ekainaren 13ra bitarte.
Ziprinidoak eta bestelako espezieak
Aurten arrantzale bakoitzeko kainabera kopurua mugatu egingo da bi eremu ziprinikoletan eta espezie inbasoreak hiltzeko aginduari eutsiko zaio. Hala ere, aurreko arautegiarekin alderatuta aldaketa bat izanen da: arrantzalearen esku utziko da harrapatuko dituen karpak hiltzea ala ez.
Nabarmentzekoa da ere abenduan indarrean sartuko dela ziprinidoen arrantza lehiaketetarako leku berezituen arau sistema berria.
Esne bilketa eta belaunaldi berrien erreleboa erraztea dira besteak beste, INTIAk ardi esnearen sektoreko eragileen ekarpenekin batera, Ardi Latxa sustatzeko osatu berri duen planean bildutako neurrietako batzuk.
Joan den martxoaren 14an, Landa Garapeneko, Nekazaritzako eta Abeltzaintzako Zuzendari Nagusia den Ignacio Gilek Iruñean aurkeztu zuen bi urte luzez mamitzen egon den egitasmoa. Nafarroako Mendialdean, Latxa arrazako ardien esne sektorea sustatzea du helburu eta, horretarako, lau lan ildo ezberdin indartuko dira: belaunaldi arteko erreleboa, sektorearentzako zerbitzuak, elikadura katea eta produktuaren balioestea.
Plan estrategiko honek 165.000 euroko aurrekontua izanen du 2019. ekitaldian eta lehenengo diru-laguntzen deialdia udaberri honetan bertan kaleratuko da. Besteak beste, 50.000 euroko diru-laguntza bideratuko da ekoizpen txikia duten edota kokapenagatik esne bilketarako zailtasunak dituzten ekoizleentzako. Baita gaztak egiterako orduan, erabiltzen den esnearen %50, gutxienez, eurek ekoiztutakoa erabiltzen duten ekoizleentzako ere.
Gazteak sektorera hurbiltzeko bekak eskainiko dira eta lan poltsa bat ere sortuko da. Gainera, egitura ahulenak identifikatu eta indartzeko neurriak hartuko dira eta sektoreko mahai bat sortzea ere aurreikusi da, ekoizleen, industriaren eta administrazioaren arteko harremanak erraztu eta prezioen kate osoan zehar bidezko banaketa bat bermatuko duena.
Ignacio Gilek aurkezpenean sektore horrek landa eremuen etorkizunean duen garrantzia nabarmendu zuen, batez ere Mendialdeko ekonomian. Izan ere, gaur egun Nafarroan Ardi Latxarekin esnea ekoizten duten 219 arditegi horiek Nafarroako iparraldean daude kokaturik: Baztanen, Araitzen, Malerrekan, Sakanan, Ameskoan, Erroibarren, Luzaiden...
Egitasmoak barne biltzen dituen neurriak kudeatu eta jarraipena egiteko batzorde bat sortuko da Landa Garapeneko, INTIAko, ASLANAko, industria sektoreko, Artzai Gaztako eta Erronkari eta Idiazabal Jatorri-deituretako ordezkariekin.