Buletina, 1. alea, 2018ko ekaina
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioa

Erreportaia
Emakume gazteak eta nekazaritza: etorkizuna eskuetan

Aspalditik hona, gazteak nekazaritza lanetatik urruntzen dira. Guztiak? Ez. Batzuek ez dute alde egin. Adibidez, hortxe ditugu Arbilla ahizpak. Ikasketak bukatu ondoren eta nekazaritzarekin deus ikustekorik ez duten beste arlo batzuetan lan egin eta gero, den-dena utzi eta etxeko azienda gobernatzera itzuli dira, Iraizotzen, Ultzaman.

Maitanek eta Agurnek erran digute oso pozgarria dela jakitea haiei esker ez dela galduko familiaren negozioa, ezta herriko bizimodua ere. Eta horrez gain, nabarmendu dute buru gainetik kendu dutela hiriko lan bizimoldeak dakarren estresa.

25 emakumek jaso dute laguntza azken deialdian, beren nekazaritza edo abeltzaintza arloko proiektuak abian jartzeko.

Izan ere, 2016az geroztik, Nafarroako Gobernuak 3,5 milioi euro bideratzen ditu urtero lehen instalazioetara. Azken deialdian, adibidez, eskaeren % 90i eman zaie diru-laguntza: 91 profesional gazte dira, eta haietariko 25, emakumeak. 2015. urtearekin alderatuta, Gobernuak % 40 igo du ekimen horien eta antzeko bertze batzuen aldeko laguntza; beraz, lagungarriak izanen dira, zalantzarik gabe, jende gehiagok etorkizuna ingurune naturalean eta atseginagoan landu dezan.

Esne-ekoizpena: protokoloa eta jarrera
Behiak jeztea ekoizpenaren une nagusia da esne-ustiategietan. Izan ere, une horretan geldituko da agerian behiak nola gobernatu, elikatu eta tratatu diren, eta agerian ere, genetika, genomika, ugalketa-kontrola eta beste. Azterketa hori egunero egiten dute ehunka abeltzainek, egunean bi aldiz gutxienez, eta haien artean, Maitane eta Agurne Arbillak ere bai. Azterketa horrek bere protokoloa du. Protokoloa, zehazki, xehetasun txikietan eta jarrera batean dago laburbilduta. Eta hori berehalakoan sumatu daiteke, ia azalpenik gabe: irudietan.

Albisteak


Hondakinak
Hamaika mankomunitatek beren garbiguneak izanen dituzte

Nafarroako 2017-2027ko Hondakin Planak bi helburu nagusi ditu: hondakin gutxiago sortzea eta hondakinen % 65 gaika biltzea. Eskala txikiko eta kudeaketa zaileko etxeko hondakinei dagokienez, asmoa da instalazio gehiago paratzea eta gaika biltzen diren gainerako hondakinen kalitatea hobetzea. 2018an eta 2019an, guztira, 3,5 milioi euro inbertituko dira garbigune gehiago sortzeko.

Isabel Elizalde (Kontseilaria): “Murriztu, Berrerabili, Konpondu eta Birziklatu zirkulu etengabean, naturaren funtzionamendua bera imitatuz”.

Nafarroako Gobernuak lau ekintza horiekin hartu du konpromisoa, baina lehenbiziko gauza prebentzioa da, hau da, ahalik eta hondakinik gutxien sortzea. Horretarako, bulego bat sortu da, hots, Hondakinen Prebentziorako eta Ekonomia Zirkularrerantz Jotzeko Bulegoa, Nafarroako Hondakin Planean aurreikusitako ekintzak dinamizatzeko eta koordinatzeko. 2018ko egutegian ekitaldi aunitz daude aurreikusita, hala nola ekitaldi jasangarriak, tabernetako esperientziak elikadura arloko xahukeria murrizteko, txorrotako ur kontsumoa sustatzea, berrerabilpenerako prestatzea eta, bereziki, hondakinak (gai organikoak) jatorrian bereiztearekin lotutako jarduera bereziak egitea.

Informazio gehiago

Uholdeak
Apirileko uholdeek 10.000 hektarea kaltetu dituzte

Uholdeak 2015ekoen antzekoak izan ziren eta, guztira, 10.000 hektarea hartu zituzten, bai eta 88 herri ere Nafarroan. Urak hartutako azaleratik, erdiak alor landuak ziren, 5.227 hektarea guztira, bai Ebro inguruan bai Arga-Aragoi aldean. Neguko zerealak eta lugorriak izan ziren gehienbat, eta hein txikiagoan, bestelakoak, hala nola mahastia eta zainzuria.

Defentsarako lubetak ere toki gutxiagoetan hautsi dira aurrekoan baino (24, Cadreita eta Ribaforada artean). Gainera, hausturak geroago gertatu dira eta Ebroren ur mailaren altuera handiagoa izanik aurreko uholdeetan baino. Bideoan ederki ageri da ibaien indarra Iruñerriko inguru urbanizatuetan.

Informazio gehiago

Arrantza
1.919 amuarrain hektareako, 2017ko zenbaketaren arabera

2017ko zenbaketaren arabera, populazioaren dentsitatea batez beste 1.919 amuarrainekoa da hektareako, Nafarroako Eskualde Salmonikolan. Eta onena litzateke gutxienez 2.000 amuarrain izatea hektarea bakoitzeko. Aipatu behar da aurreko urtean baino % 16 gutxiago dela. Eska, Zaraitzu eta Ega–Urederra ibaien arroetako dentsitate guztizkoak hobetu ziren. Bestalde, Arakil-Larraun, Oria eta Urumea ibaien arroek aurreko urteko antzeko balioei eutsi zieten. Aldiz, dentsitateak batez beste behera egin zuen Irati-Erro, Arga–Ultzama eta Baztan–Bidasoa ibaien arroetan, 2016rekin alderatuta.

Amuarrain populazioen egoera Nafarroan 2017ko txostena

Nafarroako Ubidea
Osatzen ari da Argaren Adarra, eta aurrera doa Egaren tarte berrien tramitazioa

Aurrera doaz Nafarroako Ubidearen Lehen Fasea handitzeko lanak Argaren eta Egaren adarrak egite aldera. Gaur egun, Argaren Adarra egina dago, Azkoiengo Arga IV ingurua izan ezik, baina premiazko prozedura bat abiarazi da, udaberri honetan Arga V-Funesko bazterrak ureztatu ahal izateko. Zehazki, ura punpatzeko instalazio bat egin da, jada eraikita dagoen sarea erabilita, hau da, Aragoi ibaiko urak hartzen dituena. Bitarte baterako irtenbide honen kostua 158.876 €-koa da eta ekainean prest egonen da. Aldi berean, sozietate emakidunak aurkeztutako alegazioak ebatzi eta aurrerapausoak emanen dira Argaren adarrean egindako aldaketak balioztatzeko.

Isabel Elizaldek Parlamentuan gogoratu du Lehen Fasea handitzeko proiektuak gabezia larriak zituela, haren bideragarritasuna arriskuan jartzeraino, eta aldaketak egin behar izan zirela hala trazatuan nola eremu ureztagarriak kontuan hartzeko. Kontseilariak, halaber, Gobernuaren konpromisoa berretsi du ubidearen jarraipena moldatzeko, Gobernuak bi erabaki hartu baititu ubidea handitzeko kostua leheneste aldera.

Informazio gehiago

^